XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dakit sinistuko didazuten, baiña au egia da: Domingo Ubarretxena gau batean baiño geiagotan ganaduen majera ondoan etzana dago.

Idieri naiko bala jartzen zien majeran. Baiña idiak, zearo nekatuta zeudelako, etzan naiago izaten zuten, jan baiño, naiz eta goseak egon.

Ainbeste ordutan zutik ibiltzen aspertuta egoten baiziran. Alakoetan, altza erazi egiten zituan, jan gabe ez baizegoan ibiltzerik. Bizimodu tristea itzaiarena, eta berdin ganaduarena ere!

Dema edo idi-apustu asko jokatutakoa gizona zan Ubarretxena.

Donostia inguruan Domingo korrikalaria deitzen zioten, sasoi zuala lasterkari aparta baizan.

Beingo batez, apustu sonatu bat jokatu izan zuan.

Azpeitiarra zala uste det kontrarioa, Uxoa esaten ziotena. Au izango zan orain larogei bat urte. Donostian Easo kaletik irten omen ziran, Aldapetako kamioan gora Urnietara joan da etorri. Diru asko jokatu omen zan. Ubarretxena irabaztun, estuasunik gabe.

Orain ere abiatu naizen bidetik irtenda nabil; baiña bereala sartuko naiz Amara kaleko Lokatene sagardotegira.

Anton Amararen sagardotegian bezelaxe, Lokatenean ere jende asko ibili izan da beti.

Anton Amararen familiak berak saltzen zuan sagardoa. Baiña Lokatenean, bere etxekoa etzan beste famili bat izaten zan sagardoa saldu eta jatekoa serbitzen zuana.

Ni ere lagunekin, eta bakarrik ere, asko ibilia naiz sagardotegi ortan; eta gerra garaian, orain irurogei urte, eta gerra ondorenean ere, Rejino izena zuan gizon bat ezagutu nuan, bere familiarekin sagardoa saltzen jarduten zana.

Gizon jatorra eta errespeto aundikoa zan Rejino zana; Astigarragakoa zala uste det. Bertsolari onenetako bat genduan bera.

Gutxitan nabaitu izan nuan bertsotan; baina kantatzen asten zanean, bertso sakonak edo egi biribillak zekian esaten.